2012-07-17

OPORRETAN, ZER?

Oporrak iritsi dira eta oporrekin batera baratzeko lanak eta zainketa txandak antolatzeko garaia. Orain arte lan handia egin da eta lortutakoa galtzea kristoren pena emango liguke, horregatik famili dexentek izena eman dute zianketan parte hartzeko.
8 txanda egin dira, txanda bakoitza astebeteko iraupena izango du. Behin txanda amaitzean, hurrengo arduradunari deitu beharko zaio, baratzean geratu, giltza eman eta egin denaren eta egin begar denaren berrri eman. Taldean erabi zen udaran ez zirela landaketa gehiago egingo, dagoena  zaindu eta belarra kentzearekin nahikoa lan!
Irailean blogarekin jarraituko dugu eta ikusiko dugu zer gertatu den gure tomate, pipar, marrubi, arto, azenario, tipula.. eta abarrekin.

2012-06-21

UZTA BILTZEKO GARAIA

 Ikasturte amaierarekin batera iritsi da baratzeko uzta  jaso eta ikasleen artean banatzeko garaia.
   Gaurkoan euskara ikasteko ahalegin handia egiten ari diren gure ikasle jatorrei egokitu zaie eta oso gustura joan dira  letxuga bana hartuta! Bide batez baratzeko bisita aprobetxatu dugu bertako barazkien izenak ikasteko. Animo koadrila, oso ondo ari zarete ta!

2012-06-18

LORTU DUGU URA!

 
Lortu dugu beste erronka bati aurre egitea! Taldean dauzkagun guraso langileei esker erraza da lana aurrera ateratzea!  Orain arte ureztontziak eta ur botilak hartu eta buelta dexente eman behar genituen: baratzetik Ikastolara eta alderantziz; horrek, asko oztopatu du famili batzuen parte hartzea eta baratzaren zainketa orokorrean.
Orain berriz,  bertan daukagu ura eta gainera badaukagu zeinek kontainerrak bete! Inguruko lurretan baratzak daude eta ura lortzeko erreztasun handiagoak dituztenez goitik, gure kontainerrak betetzeko ardura hartu du Raimundok! Eskerrik asko!
Altura horretan 1000 litroko kontainerra ongi eustea ez da lan erraza izan. Bi guraso aritu dira burnizko egiturak prestatzen eta behar ziren erramintak biltzen; hauei  ere zorionak eta eskerrik asko!
Ura badaukagu eta orain, bihar ikasleek oporrak hartzen dituztela kontuan izanda, gurasoekin bilera egin eta udako txandak antolatzea falta zaigu bestela pikutara orain arteko lana.

2012-06-13

KALABAZINAK 5 URTE




 5 urteko ikasleek gelan erein zituzten kalabazin haziak eta azkenean iritsi da kalabazin landarea landatzeko eguna.
Beraien ardura izan da gelan ureztatzea, leihoan ipintzea eguzki izkiek berotu zezaten... eta hemendik aurrera gauza bera egin beharko dute baina baratzean bertan.
Ikasi dugu kalabazin landare batetik bestera metro bateko distantzia egotea komeni dela eta horren zergaitia ere asmatu dugu, izan ere, kalabazinak leku asko behar izaten du baratzean eta kalabazina jaten ote duten galdetu diegu... nahiz eta askok agian identifikatzeko gai ez izan purean jaten dutela esan dute! Gehiengo baten erantzuna!
Adi-adi egon dira, txandak errespetatu dituzte, jakinmina azaldu dute eta gustura egon dira, ez da gutxi!
Bide batez, baratzean  buelta txikia egin eta bertako barazkiak izendatu ditugu.

2012-06-04

Lehen eta orain: letxuk.

           
Kezkatuta geunden gure urazekin; izan ere, apirilean landatu genituenetik euria baino ez du egin orain dela gutxi arte eta bidean gutxi batzuk galdu baditugu ere, handitu dira eta ez dira bare gehiegi inguratu. Aste honetan letxu gehiago landatu beharko ditugu horrela, tamaina desberdinetako letxugak izango ditugu eta nahiz eta batzuk bildu beti egongo dira baratzean.

2012-05-25

PIPERRAK

IBARRAKO PIPERRAK
Gaurko eguraldi ona aprobetxatuz piperrak landatu ditugu: ibarrako piperrak, Gernikako piperrak eta italianoak, oraindik lekutxo bat geratu zaigu eta beste barietate bat landatuko dugu datorren astean.
Piperrak 50 bat aldaera ezberdin ditu. Aipatu ditugunak aski ezagunak, baina  ez ditugu ahaztu behar Lodosako pikillo-piperrak eta Ezpeletakoak. Hala ere, bi talde handi bereiz ditzakegu: gozoak eta minak. Piperra urteko landarea da eta bi metroko altuera ere izan dezake. Udan loratzen da eta, gure herrialdean, iraila eta urria bitartean biltzen da.

2012-05-22

BARATXURI FRESKOAK

           Baratxuria edo berakatza ( Allium sativum )    

BARATXURI FRESKOAK

Zer egin baratxurik jan eta bihotzerrea ekiditeko?  
Erditik ebaki eta barnean duen zurtoin berdea kendu

Txorimaloa


Egin ditzagun aurkezpenak ezer baino lehen: izenik ez daukan arren hauxe da U-Z Ikastolako baratzeko arduradun eta zaindaria.
Orain arte oso gustura aritu da lanean eta oso fin ibili da, baina dirudienez nekatu da zutik egoteaz eta egun batzuetarako atsedena eman diogu!
Oso pozik geunden lortutako emaitzarekin, baina euriarekin arropek pisu handia hartu dute; makila fundamentuz sartu beharko dugu hurrengoan.

2012-05-14

Tipulak


Maiatzaren 12an landatu genituen tipulak. Itxura polita hartzen ari da baratzea : tipulak, porruk, batxurik, kalabazina, ilarrak, letxuk... 

2012-05-07

3 urtekoen bisita



     3 urteko txikitxoen bisita izan dugu gaurkoan. Barazkiak lantzen ari dira eta aukera paregabea gelan landutakoa  baratzean bertan ikusteko: ilarrak, porruk, letxuk, batxurik, perrexila...

Letxuga hosto batzuetan zulotxoak ikusi dituzte... eta hortxe utzi ditugu letxuga hostoak nork jan ote dituen pentsatzen. Barraskiloek? Txoriek? Txoriak aipatu eta txorimaloa etorri zaigu burura. Datorren astean berriz ere bisitan etortzeko esan diegu eta larunbatean egingo dugun txorimaloa aurkituko dute, ea gustatzen zaien.
Txiki hauek ez dute gezurrik esaten eta!





BARATXURIAK

Ikastolako sukaldariak baratzea dauka eta askotan aritzen gara gai honen inguruan kontutan eta elkarri ideiak ematen.
Aurreko batean, batxuriak landatzea erabaki eta kezkatzen hasia nengoen, izan ere, bere etxeko batxurik aspaldi irteten hasiak zeuden eta gure baratzean arrastorik ez.... eta horrek ez zaitu haserrarazten, baina amorrazio puntu bat sentitu nuela onartu beharra daukat!
Pertsona bakoitza mundu bat garen bezala, baratze bakoitza ere halaxe izango da, baina ikusi argazkian gaurko nire sorpresa!
Ezin hitzez adierazi punta berde horiek ikustean sentitu dudana.
Ederra eta ikusgarria   eguraldi ona egiten duenean nola aldatzen diren baratzeko barazkiak, egunetik egunera aldaketak sumatzen dira eta gauza asko ikas daitezke.






Aitzurra hartu ta zopizartu!

Zopizartu: aitzurraz  belarrak kendu eta lurra garbitu.
Lehen
Gaur baratzera gerturatu garen guztioi ez zaigu  hitz hori ahaztuko. Zopizartzen pasa ditugu 2 ordu pasatxo.  Aste Santuko oporren aurretik nahiko txukun utzi genuen baratzea  eta ikaragarria da nola aldatu den paisaia azken 3 aste hauetan. Atzera buelta, aurretik egindako lanak berriz egin behar, baina gustura aritu gara!
Eskuinaldeko lur zatia oso buztintsua zegoenez ezin izan dugu bankala prestatu eta pentsatu dugu onena rotabatorea ekartzea izango dela, oraindik  4 bankal falta dira txukuntzeko eta nahiko lan astuna da aitzurraz bakarrik egiteko.
Letxuk orain dela hilabete zeukaten tamaina bera izaten jarraitzen dute, baina behintzat hor daude eta eguraldi txarrari aurre egin diotenez ziur gaude handitzen hasiko direla.... noiz, beste kontu bat da!


Kalabazin hazi batzuk erein ditugu, ez gehiegi, lurrak ez zeukan oso itxura onik eta 4 hazi bakarrik sartu ditugu, hemendik egun batzuetara ikusiko da!
 Hori bai dela baratzean lantzen den beste
baloreetako bat: pazientzia!



2012-04-20

Ur kontainerrak



Azken bolada honetan ez dugu ur faltik izan, baina etorriko diren egun lehor eta beroetara egokitzen hasi  beharko gara.
Haiseran erabili behar genuen ureztatze sistemarekin arazotxo batzuk izan genituen eta oraingoz  behintzat, kontainerretan izango dugu ura. Horretarako, kontainerrak behar genituen eta ahal zela debalde! Argazkietan ikus dezakezuenez, edukiontziez gain kamioia ere lortu genuen; hemendik, berriz ere, eskerrek eman nahi dizkiet proiektu honetan parte hartzen ari diren guraso eta irakasleei!
Kamioiarekin momentu horretan Ikastolan zeuden haurrak ikaragarri gozatu zuten.
Orain,  kontainerrak ongi garbitu, baratzean toki seguru batean kokatu, itxura " apaindu " eta urez betetzea baino ez zaigu geratzen.

2012-04-18

Letxuk eta porruk


                                                                                 
 Oporren aurretik letxuk ( urazak ) eta porruk landatu genituen eta baratzeak oso itxura txukuna hartu zuen arren,  euria besterik egin ez duenez  imagina dezakezue egoera oporretatik bueltan. Lurra behintzat ez da mugitu eta bankalak berdin daude, baina beste guztia lokatza eta belarra baino ez! Letxuk belarra hazten den abiaduran haziko balira, gaitzerdi...
 Gure plangintza atzeratu du eguraldi euritsu honek eta bestelako lanak egiteko aprobetsatu beharko dugu: txorimaloa egin eta ur kontainerrak ipini.
Eguraldi txarrari aurpegi ona ipiniz aurre egin beharko diogu egoerari eta ea zer gertatzen den barazkiekin.


2012-03-25

Ilarrak

Handitzen handitzen, ari dira handitzen,  txikiak izanik...
Oso pozik gaude gure lehen bisitariekin, landarea hazten ikusteak indarberritu gaitu. Oraingoz bakarrak dira baratzean eta gure mimo eta atentzio guztiak eurentzat dira!
Ilarra (Pisum sativum )
 Gainerako lekaleek bezala, elikadurari dagokionez ilarrak proteina, mineral eta zuntz asko dauka. Ekologiaren aldetik, sustraietako noduluetan eduki ohi dituen bakterio nitrifikatzaileei esker, ilarrak nitrogenoa finkatzen du lurzoruan eta ezaugarri honi esker ongarri natural gisa erabil daiteke.
Bakarrik ureztatu landareak oso eguraldi lehorra badago edota drenai handia badu lurrak. Landare autopolinizatzaileak direnez eta lora perfektua dutenez oso gutxitan gurutzatzen dira beste barietateetako landareekin. Haziek leken barnean soinua ateratzen dutenean bildu eta hazia atera daiteke. Hazia baldintza egokietan (hotza, iluntasuna eta lehorra) kontserbatuta 3 urtez izan daiteke emankorra.

2012-03-20

Hazi ekologikoak




Gure Ikastolako txokoan ipini ditugu atzo erositako hazi ekologikoak, erein aurretik  ikasleek ikus ditzaten.
Laborantza egutegia kontuan izanda aukeratu genituen: perrexila, azenarioak, errefaua...
Sendabelarrak ere erosi genituen: menda, erromeroa, albaka, mendafina, oreganoa....
Larunbaterako eguraldi  aproposa iragarri dute baratzean aritzeko eta irrikan gaude eguna iritsi eta lanari ekiteko!

2012-03-18

Zizareak, gure lagunak.







 Ezkerreko argazkian bararatzean ikusi nahi ez ditugunak  eta 
oso  preziatuak direnak bestean: zizareak! 
Gure baratzean mordo bat aurki daiteke eta zergatik dira hain beharrezkoak?








Lurzoruaren egituraketarako zein aireztapenerako ezinbestekoak direlako. Zizareek lurzoru gaineko hondar organikoak irentsi eta  eraldatzen dituzte eta landareek zuzenki asimila ditzaketen konposatuak ekoizten dituzte beraz, nekazaritza ekologikoan ezinbesteko animalitxoak ! Tamalez, pestiziden erabilerak ordezkorik ez duten nekazari hauen galera ekarri du.

2012-03-17

Planoa eta diseinua


  Piliren aholkuak jarraituz, oso egokia iruditu zitzaigun Gaspar Caballero de Segovia metodoa erabiltzea eskola baratzerako eta berak utzitako liburua erabili dugu gure baratzeko diseinua egiterako garaian. 
Planoan ikusten diren laukizuzenak bankalak dira, eta hauetan familia botaniko berekoak erein edo landatu behar dira. Txandaketak egin behar direnean ere oso erraza da.1 zenbakikoak 2ra, 2koak 3ra ...
Guk behintzat martxorako eta apirilerako lana antolatuko dugu.

 Metodo honen inguruan informazio gehiago nahi duenak nahi haina informazio aurkituko du Interneten.
 Hauxe guk erabili dugun liburuaren azala.

2012-03-10

Eta azkenean... eguzkia!

                                                                                                                                                                       
                 Baratzean aritzeko giro aparta izan genuen aurrekoan eta itxiturak ipini eta ilarrak erein genituen.  
Nonbait neurriak ez genituen ongi hartu eta itxitura bat falta zaigu oraindik lana erabat amaituta izateko, baina tira, akatsetatik ikasten  omen da eta gu lasai gabiltza. Gauza asko ikasten ari gara eta datorren astean egurra barnizatzen hasiko gara eta jangelako ikasleei laguntza eskatu diegu.

2012-03-06

Pilirekin planifikazioa egiten

 Pili Eskisabel da gure aholkularia eta atzo, Ikastolan elkartu ginen berarekin. Oso gauza interesgarriak eta garrantzitsuak esan zizkigun eta oso gustura egon ginen, esaten zuen guztiari adi-adi entzunaz eta aldi berean gure zalantzak argituz.
Baratze ekologiko, integral eta konbentzionalaren arteko desberdintasunei buruz aritu zen eta jarraian, kontuan izan beharreko hainbat aholku ere eman zizikigun: orinetazioa, lur mota, espazio eta antolaketa, konposta, txandaketak nola egin, familia botanikoak, ilargiaren eragina...
Erramintak ere ekarri zituen eta hauen erabileraren inguruko azalpenak eman zizkigun.
Guk behintzat badaukagu nahikoa lan! Beste batean, baratzea ikustera etorriko da eta orain gure txanda... atzo ikasitakoa praktikan ipintzeko garaia irtsi da!
Eskerrik asko Pili!

2012-03-03

Pili Eskisabel Ikastolan!


Martxoaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan elkartuko gara Pilirekin baratzearen diseinua egiteko. Bera Ataundarra da, baratze ekologikoen aldeko apustua egin zuen baserritarra  eta Ordiziko azokan aurki dezakezue bere produktuak saltzen.. Ziur gaude gauza asko ikasiko ditugula!
Eskerrik asko Pili gurera etortzeagatik.

2012-01-31

Ikastolak badu negutegia!


Neguan hotz, Ikastolan bero eta goxo!
Gaur, Ikastolan sartu eta zeinen sorpresa atsegina!
Kanpoko baratzean oraindik ez dugu ezer landatu, baina barruan ikusi. ikusi....
Txorimalo eta guzti!








5.mailako ikasleei eta irakasleei eskerrak eman nahi dizkiegu egun batetik bestera egin duten lanarengatik!
Baratzea ekologikoa eta gainera gelan landutakoa oso kontuan izan dute: garaian garaikoa!











 Azaloreak....                                                                        Azak... 







Porruak, azenarioak....

2012-01-21

Euria egiten duenean...



Gaurko gure palana atzeratu behar izan dugu, eguraldiak ez digu lagundu eta! Dena den, egurrezko itxiturak prest utzi ditugu hurrengorako.


Datorren larunbatean ipini beharko!
Gaur  zer erein edo landatu dezakegunaren inguran hitz egiten jardun dugu eta ziurrenik ilarrekin hasiko gara.

2012-01-20

Bihar: itxiturak!

Arratsalde on!
Gogorarazi bihar, urtarrilaren 21, goizeko 9:15ean elkartuko garela Ikastolan itxiturak ipintzeko.
Ondo izan

2012-01-19

Lurra prestatzen


Urtarrilak 14
Goizeko 9:00etarako denak esna eta martxan geunden! 10 bat lagun elkartu eta lanari ekin genion!
Idi ximaurra erabili genuen eta egia esan, uste genuena baino usain "hobea" zeukan...  

  Ondoren, sardeak eta aitzurrak hartu eta zabaltzeari ekin genion, nahiko lan atsegina eta erraz egin genuena izan zen.

Argazkian ikus dezakezuen bezala, kontutarako atseden ere izan genuen... badakizue, azkar eta ondo usoak hegan!