2012-05-25

PIPERRAK

IBARRAKO PIPERRAK
Gaurko eguraldi ona aprobetxatuz piperrak landatu ditugu: ibarrako piperrak, Gernikako piperrak eta italianoak, oraindik lekutxo bat geratu zaigu eta beste barietate bat landatuko dugu datorren astean.
Piperrak 50 bat aldaera ezberdin ditu. Aipatu ditugunak aski ezagunak, baina  ez ditugu ahaztu behar Lodosako pikillo-piperrak eta Ezpeletakoak. Hala ere, bi talde handi bereiz ditzakegu: gozoak eta minak. Piperra urteko landarea da eta bi metroko altuera ere izan dezake. Udan loratzen da eta, gure herrialdean, iraila eta urria bitartean biltzen da.

2012-05-22

BARATXURI FRESKOAK

           Baratxuria edo berakatza ( Allium sativum )    

BARATXURI FRESKOAK

Zer egin baratxurik jan eta bihotzerrea ekiditeko?  
Erditik ebaki eta barnean duen zurtoin berdea kendu

Txorimaloa


Egin ditzagun aurkezpenak ezer baino lehen: izenik ez daukan arren hauxe da U-Z Ikastolako baratzeko arduradun eta zaindaria.
Orain arte oso gustura aritu da lanean eta oso fin ibili da, baina dirudienez nekatu da zutik egoteaz eta egun batzuetarako atsedena eman diogu!
Oso pozik geunden lortutako emaitzarekin, baina euriarekin arropek pisu handia hartu dute; makila fundamentuz sartu beharko dugu hurrengoan.

2012-05-14

Tipulak


Maiatzaren 12an landatu genituen tipulak. Itxura polita hartzen ari da baratzea : tipulak, porruk, batxurik, kalabazina, ilarrak, letxuk... 

2012-05-07

3 urtekoen bisita



     3 urteko txikitxoen bisita izan dugu gaurkoan. Barazkiak lantzen ari dira eta aukera paregabea gelan landutakoa  baratzean bertan ikusteko: ilarrak, porruk, letxuk, batxurik, perrexila...

Letxuga hosto batzuetan zulotxoak ikusi dituzte... eta hortxe utzi ditugu letxuga hostoak nork jan ote dituen pentsatzen. Barraskiloek? Txoriek? Txoriak aipatu eta txorimaloa etorri zaigu burura. Datorren astean berriz ere bisitan etortzeko esan diegu eta larunbatean egingo dugun txorimaloa aurkituko dute, ea gustatzen zaien.
Txiki hauek ez dute gezurrik esaten eta!





BARATXURIAK

Ikastolako sukaldariak baratzea dauka eta askotan aritzen gara gai honen inguruan kontutan eta elkarri ideiak ematen.
Aurreko batean, batxuriak landatzea erabaki eta kezkatzen hasia nengoen, izan ere, bere etxeko batxurik aspaldi irteten hasiak zeuden eta gure baratzean arrastorik ez.... eta horrek ez zaitu haserrarazten, baina amorrazio puntu bat sentitu nuela onartu beharra daukat!
Pertsona bakoitza mundu bat garen bezala, baratze bakoitza ere halaxe izango da, baina ikusi argazkian gaurko nire sorpresa!
Ezin hitzez adierazi punta berde horiek ikustean sentitu dudana.
Ederra eta ikusgarria   eguraldi ona egiten duenean nola aldatzen diren baratzeko barazkiak, egunetik egunera aldaketak sumatzen dira eta gauza asko ikas daitezke.






Aitzurra hartu ta zopizartu!

Zopizartu: aitzurraz  belarrak kendu eta lurra garbitu.
Lehen
Gaur baratzera gerturatu garen guztioi ez zaigu  hitz hori ahaztuko. Zopizartzen pasa ditugu 2 ordu pasatxo.  Aste Santuko oporren aurretik nahiko txukun utzi genuen baratzea  eta ikaragarria da nola aldatu den paisaia azken 3 aste hauetan. Atzera buelta, aurretik egindako lanak berriz egin behar, baina gustura aritu gara!
Eskuinaldeko lur zatia oso buztintsua zegoenez ezin izan dugu bankala prestatu eta pentsatu dugu onena rotabatorea ekartzea izango dela, oraindik  4 bankal falta dira txukuntzeko eta nahiko lan astuna da aitzurraz bakarrik egiteko.
Letxuk orain dela hilabete zeukaten tamaina bera izaten jarraitzen dute, baina behintzat hor daude eta eguraldi txarrari aurre egin diotenez ziur gaude handitzen hasiko direla.... noiz, beste kontu bat da!


Kalabazin hazi batzuk erein ditugu, ez gehiegi, lurrak ez zeukan oso itxura onik eta 4 hazi bakarrik sartu ditugu, hemendik egun batzuetara ikusiko da!
 Hori bai dela baratzean lantzen den beste
baloreetako bat: pazientzia!